• 19
    MAI

     Lizarrako Remontival ikastetxe publikoko ikasleek "Euskal Herrian euskaraz" abestia abestu zuten bertako Euskara departamentuak antolaturiko Euskararen Astearen baitan. Aipatu ikastetxeko A ereduko irakasle batzuek kexa helarazi zieten zuzendaritzako kideei, Oskorriren abestiaren bi pasarteren inguruan: "Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada bota demokrazia zerri askara" eta "Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz" dira A ereduko irakasleen eta zenbait gurasoren haserrea eragin dutenak. Hala ere, D ereduko irakasleak ez dira kikildu eta Euskara Astea programatu bezala eraman dute aurrera. Lizarrako gurasoek esan digutenez, "normaltasun osoz, inoiz baino gogo handiagoarekin eta inoiz baino elkartuago" burutu dute egitasmoa

     

     

    Lizarrako Remontival ikastetxean seme-alabak matrikulatuta dituzten gurasoekin harremanetan jarri ostean, gertatutakoa ez da Nafarroako prentsa erdaldunean jakitera emandakoa. Aipatu ikastetxeko Euskara Departamentuak Oskorri talde sonatuaren "Euskal Herrian euskaraz" kantua abestea proposatu zuen departamentu horrek antolatutako Euskararen Astearen baitan. Ikastetxeko A ereduko irakasleek kexu formala aurkeztu zuten horren aurrean, eta zenbait gurasok bere seme-alabek kantu hori ez abesteko eskatu zuten, abestiak jasotzen dituen bi pasarterekin ados ez daudela argudiatuta. Aipatu pasarteak "Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada bota demokrazia zerri askara" eta "Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz" dira.

     

     

     

     

    Remontival ikastetxeko APYMA gurasoen elkarteko zuzendariak eta zuzendari ordeak dimisioa aurkeztu dute kalapitaren ostean, baina dirudienez ez da izan abestia kantatzeagatik, gurasoen elkartearen babesa zuen ekimenaren aurka egin duten irakasleei APYMAren iritziaren aurka babesa emateagatik baizik. Aipatu ikastetxeko guraso batek jakinarazi digunez, "zorionez, D ereduko irakasle taldea ez zen kikildu eta Euskararen Eguna ospatu zuten normaltasun osoz, inoiz baino gogo handiagoarekin eta inoiz baino elkartuago". Areago, erasoak irakasle talde txiki batetik datozela eta zuzendaritzaren aldetik ez dela inolako betorik egon azpimarratu du gurasoak. Aipatu irakasleek Kontseilariarengana ere jo zuten, baina erantzunik ez zutenez jaso, liskarra prentsara hedatzea erabaki dute, Kontseiluak deitu zuen iragan larunbateko manifestazio jendetsuaren oihartzuna bizi-bizi dagoen honetan.

    Eranskinak:

    Euskalerria Irratia